XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gas-naturala Arrasaten, desadostasunak tarifetan

Gure aldizkaria kaleratzen hasi eta ale gutxira gas-naturalari erreportaia eskaini genion.

Arrasatearrok gasaz disfrutatzeko genuen aukeraz eta honek eskaintzen zizkigun abantailez aritu ginen orduan.

Dena dela, ordutik hona zenbait hilabete igaro da, eta gasaren banaketaz arduratzen den enpresaren eta gasa kontratatu nahi duten arrasatear batzuren artean arazoak nagusitu dira, gasaren tarifak direla eta.

Gasa eta beronen tarifak Gas-naturalaren tarifa Estatuko Ministrari Kontseiluak jartzen ditu, Estatuko monopolioa diren beste produktuenak bezalaxe, gasolinarenak, esaterako.

Hala ere Eusko Jaurlaritzak gai honi dagozkion konpetentziak bereganatu ditu eta gasaren banaketaren ardura Natur-gas enpresaren esku utzi du.

Gasaren banaketa egiterakoan, Naturgas enpresak tarifa ezberdinak eskaintzen ditu, gasaren kontsumoaren arabera; beti ere kontutan izanik, gasa kontratatzen duena enpresa, komertzio edota etxebizitza izan, desberdinak izango direla eskaintzen diren tarifak.

Etxebizitzak duten kontsumoaren arabera, hiru tarifa ditugu, D1, D2 eta D3 (etxeko tarifak).

Gasaren kontsumoa termiatan neurtzen da, honen arabera, urtean 5.000 termia baino gutxiago gastatzen duten etxeei D1 tarifa aplikatuko zaie, termiako 5`3 pta. ordainduz.

5.000 termia eta 50.000 termia bitarteko kontsumoa duten etxebizitzei D2a aplikatuko zaie, 4`5 pta. ordainduz termiako.

Azkenik, D3 tarifa urtean 50.000 termia baino gehiagoko kontsumoa duten etxebizitzei aplikatzen zaie, termiako 3 pta. baino ez dutelarik ordaindu behar.

Arazoaren nondik norakoak Uribe auzoa eta Arrasate dorreko biztanleek, denentzat kontadore bat jarrita, urtean 50.000 termia baino gehiago kontsumituko dutela pentsatuz, Naturgas enpresari D3 tarifa aplikatzeko eskatu diote.

Baina Naturgas-ek, denentzat kontadore bat jartzerik ez dagoela adierazi die, legeak galerazi egiten duela aipatuz.

Edozein modutan ere, arazoa dirudiena baino korapilatsuagoa da; Naturgas enpresak, gasaren banaketari ekin zionean, beren etxeetan propanoa jarririk zuten etxeetako biztanleei D3 tarifaren eskaintza egin bait zien.

Beren etxeetan propanoa dutenek, denentzat gas bonbona bat dute jarririk; ondoren bakoitzak bere etxean kontadorea duelarik bere kontsumoa zein den jakiteko.

Beraz, Naturgasek depositoa dagoen tokian kontadore kolektiboa jartzeko aukera eman zuen.

Hau da, hain zuzen ere, Uribe auzoa eta Arrasate dorreko biztanleen eskakizuna kontadore kolektiboa jartzearena.

Hala ere, hilabete batzuk geroago, eskaintza hau legez kanpokoa dela eta D3 tarifa aplikatzerik ez dagoela azaldu zuen Naturgasek.

Zenbait azalpen Zenbait iturritatik jaso ahal izan dugunez, monopolioak diren produktuak ezin dira berriz saldu.

Hau da, partikular batek gasolina banatzaile ofizialari erosi ondoren, honek ezin du berriz gasolina hori saldu.

Batzuen ustez, gasa etxe komunitate batek erosi ondoren, etxeetara banatzean, komunitateak gasa berriz saldu egiten du, hau ezlegala izanik.

Etxeetan propanoa era honetan kontsumatzen da, baina propano banatzaileen ustez propanoa salbuespena da.

Ondorioz, Naturgas aukera hau ematen hasi zenean, propanokoek denuntzia jarri zuten eta erantzuna jaso bitartean, Naturgas-ek gasa era honetan lortzeko aukera ez du ematen; dena dela, azalpen hau ziurtatu gabe dago.

Bestalde, esan beharra dago, gasaren tarifak etxeetan gasa jasotzeko modua aldatzen duela.

Naturgas-ek, Arrasateko zenbait auzotako biztanleei ez die D3 tarifa aplikatu nahi, legezkoa ez dela aipatuz, baina baieztapen hau ez du arrazoitzen.

Istilu eta guzti ezin ukatu gas naturalen abantailak.